Etxebizitza kooperatiben eredua probatuko du Jaurlaritzak

Alokairurako etxeak sustatuko ditu Donostian; Etxebizitza Planaren berrikuntzetako bat izango da. Alokairua izango du oinarria

2017ko azaroak 24 – berria.eus

Eusko Jaurlaritzak alokairu publikorako etxebizitza kooperatibaren eredua probatuko du Donostian. Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak iragarri du Txominenean lursail bat erosiko duela sailak horretarako. Helburua da merkatu librean etxea eskuratzea lortzen ez dutenei beste aukera bat ematea. «Eredu berritzailea da, Danimarkan eta beste herrialde batzuetan arrakastatsua izan dena. Donostiako proiektu honekin ikusi nahi dugu gurean ere baliagarri den». Kooperatiba ereduan, bazkide izango direnek diru kopuru bat ipini behar dute hasieran, eraikina eraikitzeko. Behin bertan bizitzen hasten direnean, alokairua ordainduko dute. Bizilagunen batek etxea utzi gura badu, hasieran egindako diru ekarpena itzuliko diote, eta bazkide berri bat sartuko da haren lekuan. Etxebizitza horiek herentzian utz daitezke, baina ezin daitezke saldu.

Alokairurako etxebizitzak sortzeko eredu kooperatiboa da 2018-2020 Etxebizitzaren Gida Planak jasotzen duen berrikuntzetako bat. Proposamena osatu du Etxebizitza Sailak, eta atzo aurkeztu zien eragileei, Bilbon egindako jardunaldi batean. Ekarpenak eta zuzenketak jasotzeko epea ireki dute orain. Datorren astetik aurrera Euskadiko Etxebizitzaren Behatokiaren web orrian ipiniko dute, herritar guztien eskura. Urtea bukatu arte egongo da iritzia emateko tartea, eta datorren urtean sartuko da indarrean. Legegintzaldia bukatu arteko etxebizitza politikak gidatuko ditu, eta duela bi urte Eusko Legebiltzarrak onartutako Etxebitzaren Legea garatzea du xede.

Besteak beste, Etxebizitzaren Legeak aitortutako etxebizitzarako eskubide subjektiboa egikaritzea ekarriko du planak. Hau da, etxebizitza eskubidea bermatu beharko du administrazioak, etxe bat emanez, edo, etxerik eskura ez duenean, etxeari dagokion prestazio ekonomikoa. Pedro Jauregi Etxebizitza sailburuordearen arabera, mailaka sartuko da indarrean. Uste dute 2025erako 53.000 pertsonatik gora izango direla eskubide hori aitortuko zaienak. Irailera arte 2.768 eskaera jaso dituzte, horietatik 892 onartu dituzte dagoeneko: 634k etxea jaso dute, eta gainontzekoek, prestazio ekonomikoa. Aitortu du eskubide horren aitortza Jaurlaritzaren etxebizitza politiketan aldaketa garrantzitsua izan dela.

Autokritika

Jauregiren esanetan, planaren muina alokairua izango da. Hura sustatzeko egingo dute indar. Eusko Jaurlaritzak emango dituen laguntza guztiak etxea alokatzeko izango dira. «Ez dugu etxea erosteko laguntzarik emango, ezta gazteei ere. Gure lehentasuna alokairua da». Mario Ioldi plangintzaren eta hura osatzeko prozesuaren zuzendaria da. Azaldu du gobernuak etxebizitza politiketarako dituen baliabide ekonomikoak «asko urritu» direla «urte gutxian». Horregatik, urtean 800 etxebizitza berri egiteko gaitasuna dute soilik. «Gutxi dira etxebizitza eskubide subjektiboa aitortuko zaien guztien beharrei erantzuteko. Horregatik, etxebizitza pribatuen alokairua sustatzeko lan egin beharko dugu».

Beste oin bat etxebizitzen zaharberritzea izango da. Batez ere adinekoentzat egokitu nahi dituzte. Aurrerantzean energia eraginkortasunaren aurretik irisgarritasuna izango da lehen irizpidea. Horrez gainera, etxebizitzak adjudikatzeko irizpideak aldatu nahi dituzte. Ioldik aitortu du aspaldion «huts egin» dutela: «Ohartu gara gizarte maila berekoei eman dizkiegula etxebizitza promozio osoak, eta ghetto modukoak sortu. Hori aldatu behar da».

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *